Legorretako Udalak 2013 urteko aurrekontua aurkeztu zuen abenduaren 18an, pleno aretoan.
Legorretako Udalak 1.500.549,98 euroko aurrekontua izango du 2013an,
herenegun herritarren aurrean aurkeztu zuenez. Aurtengo ekitalditik
%0,72ko igoera besterik ez du aplikatu. Hala ere, 2012an sarrera gisa
jaso duen diru kopuru berbera da datorren urteko aurrekonturako
zehaztua.
Arantxa Iturrioz Ogasun zinegotziak eta lan-taldeko Urko Etxeberria
kideak aurkeztu zituzten, hogei bat legorretarren aurrean. Iturriozek
esan duenez, krisi egoera kontuan hartuta «ahalik eta erantzukizun
handienarekin» landu dute aurrekontu txostena. «Beti ere gehien behar
duten herritarrei laguntzeko». Iaz bezala, oraingoan ere udalak ez die
kobratuko zaborraren, uraren eta etxeko kontribuzioaren zerga lanbide
arteko gutxieneko soldatara iristen ez diren familiei.
Exentzioen diru saila igo dute
Krisi egoera iaztik «larritu» egin dela eta, familien zerga-exentziorako
diru-saila 3.000 eurotik 5.000ra igo dute. «Behin eskaerak jasotakoan,
ikusten badugu tartea badagoela gutxieneko hori ere igotzeko, ez dugu
baztertzen, laguntza etxe gehiagotara irits dadin», dio Iturriozek.
Inbertsioetarako 22.717,84 euroko saila izendatu du. Udala ekonomikoki
«egoera onean» dago, eta zorpetze maila «baxua» du. Legorretako Udalak
%8,67ko zorpetze maila du; «Udalak Finantzatzeko Foru Funtsaren
itzulketa egongo ez balitz %4,20» zukeen. Aurtengo UFFFko 63.146 euro
itzuli beharko dituela aurreikusi du udalak, jasotakoaren %7,8.
Iturria.
HITZA
Atzokoan bestalde, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean aurrekontua jendaurrean jarri zen eta 15 egunetako epea ematen zaio, alegazio edota zerbait esan nahi duenari.
Iturria:
GAO