LEGORRETA GARBIA herri plataformak bere aurkezpen ofiziala egin zuen aurreko ostiralean jendez betetako Kultur Etxeko goi solairuan.
Birziklapenaren aldeko politika bat sustatu asmoz, gure herrian 5. kontenedorea jartzearen aldeko apustu garbia egiten dute eta zaborra biltzeko garaian, atez ateko sistemaren aurkako jarrera irmoa azaldu dute.
Orain, eguberri bitartean, 5. kontenedorearen alde eta atez ate aurka dauden herritarren sinadurak biltzen saiatuko dira eta horretarako, etxez etxe bidaliko dituzte orriak (sinatu ondoren postaz itzultzeko) eta asteburuan, udaletxe aurrean ipiniko den mahai batean jasoko dituzte.
Ezkor dira plataformakoak sinadura mordoa bildu arren Udalak, atez ate bilketa sistema inposatzeko politikarekin aurrera jarraituko duelakoan baina, heuren ustez, alkateari argi eta garbi utzi behar zaio herritarrek ez dutela atez ate sistema nahi eta 5. kontenedorea bultzatu behar dela, birziklapenak aurrera egin dezan.
Argitu besterik ez, azkenik, jendea lasaitzeko eta anonimotasuna bermatzeko, sinadurak eta sinatzaileen datuak ez direla Udaletxera bidaliko, sinadura guztiak bildu eta notaritzara eramango dira eta bertan, notaritzak ikuskatu ondoren, luzaturiko ziurtagiria, sinatzaile kopuruarekin, izango da Udaletxera bidaliko dena.
No hay comentarios:
Publicar un comentario